Legezko zaintzagatiko lanaldi-murrizketa eta txandakakotasun-plusa
Oraingo honetan, Auzitegi Gorenaren 2025eko urtarrilaren 14ko sententziaz arituko gara. Hurrengo kasua aztertzen da:
«Goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan lan egiten duen langile batek %50eko lanaldi-murrizketa eskatu du 12 urtetik beherako semea zaintzeko. Horren ondorioz, enpresak proportzionalki murriztu du langileak jasotzen duen txandakakotasun-plusa.»
Enpresak murriztu al dezake txandakakotasun-plusaren zenbatekoa?
Galdera honi erantzuteko, Auzitegi Gorenak bi soldata-kontzeptu mota bereizten ditu: alde batetik, lanaldiaren iraupenari lotutako kontzeptuak (hala nola, produktibitate-plusa), eta bestetik, lan-denborarekin zerikusirik ez duten kontzeptuak (besteak beste, laneratze- eta puntualtasun-plusa edo absentismo-plusa).
Zer gertatzen da txandakakotasun-plusarekin?
Auzitegi Gorenaren hitzetan, soldata-osagarri horrek txanda batean baino gehiagotan lan egiten duen langileak jasaten duen nekagarritasuna ordaintzen du.
Aztergai den kasu honetan, nahiz eta langileak %50-eko lanaldi-murrizketarekin lan egin, lanaldi-murrizketa hori txanda bakoitzean ematen da; alegia, langileak goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan lan egiten jarraitzen du. Hori dela eta, auzitegiak ondorioztatu du ez dela posible txandakakotasun-plusaren zenbatekoa murriztea, soldata-osagarri hori zerbitzuak txanda ezberdinetan emateari lotuta baitago, eta ez lanaldiaren iraupenari.
