Prebentzioa bero-boladen aurrean

Urteko lehenengo bero-bolada igarota, beharrezkoa da jakitea zer prebentziozko neurri hartu behar dituzten enpresek euren langileen osasuna bermatzeko. Gainera, azkenengo bi urteetan, Gobernuak neurri horiek areagotu ditu tenperaturen igoera orokorra dela eta. Jarraian, aipatutako neurri horiek azalduko dizkizugu:

Apirilaren 14ko 486/1997 Errege Dekretuko xedapen gehigarri bakarrak kanpoko laneko ingurumen baldintzak arautzen ditu eta hurrengoa dio:

  • Kanpoan edo itxi ezin diren guneetan lan egiten denean, neurri aproposak hartu beharko dira langileak muturreko baldintza meteorologikoek edo muturreko tenperaturek eragin ditzaketen arriskuez prebenitzeko.
  • Laneko arriskuen ebaluazioan jasotako prebentziozko neurriek jaso beharko dute debekaturik dagoela muturreko baldintza meteorologikoko orduetan lan egitea, betiere, beste modurik ez badago langileen segurtasuna bermatzeko.
  • Euskal Meteorologia Agentziak (EUSKALMET) edo Estatuko meteorologia agentziak (Aemet) abisurik igortzen badu maila laranja edo gorriko («alerta laranja edo alerta gorria») eguraldi bortitza datorrela adieraziz, derrigorrezkoa izango da lan-baldintzak moldatzea, hala nola, lanorduak murriztuz edo aldatuz, baldin eta aurreko neurriek ez badute langileen segurtasuna bermatzen.

Halaber, azaroaren 28ko 8/2024 Errege Lege Dekretuak gehienez lau eguneko baimen ordaindu berri bat gehitu du, Langileen Estatutuko 37.3. artikuluko g) hizkia, hurrengo baldintzak bete ezkero aplikatuko dena:

  • Ezinezkoa izatea lantokira joatea edo lantokirako zirkulazio-bideetatik ibiltzea.
  • Agintari eskudunek hura gomendatu, mugatu edo debekatzen dutenean, edo arrisku larriko egoerek eguraldi bortitzak barne, hala eskatzen dutenean.

Lau egun horiek igaro ondoren, baimena hura justifikatzen duten baldintzak desagertu arte luzatuko da.

Era berean, azpimarratu beharra dago Langileen Estatutuko 47.6. artikuluak ezinbesteko arrazoiengatik kontratua etetea edo lanaldia murriztea baimentzen duela, eta neurri horiek arestian aipatu diren egoeretan aplika daitezkeela.

Thermometer on fire on white background illustration