Guraso-baimena ez da ordaindua
Ekainaren 28ko 5/2023 Errege-lege dekretuak baimen berri bat barneratu zuen Langileen Estatutuan, bere 48 bis. artikuluan: guraso-baimena (gaztelaniaz, permiso parental).
Baimenaren ezaugarriak:
8 urtetik beherako seme-alabak dituzten langileei zuzendutako baimena da. 8 asteko iraupena du, aste jarraituetan zein etenetan hartu ahal izango dena, bai eta lanaldi osoan zein partzialean ere.
Ordaindua ala ordaindu gabea?
Baimena indarrean sartu zenetik, gehien errepikatu den zalantza hori izan da, alegia, baimena ordaindua den ala ez. Aitortu beharra Langileen Estatutuko 48 bis. artikulu horretan adierazitakoa nahasgarria izan daitekeela.
Zer diote auzitegiek honen inguruan?
Bada, duela gutxi, Entzutegi Nazionalak epaia eman du auzi honen inguruan (irailaren 30eko 128/2025 epaia, hain zuzen ere) eta ebatzi du guraso-baimena ez dela baimen ordaindua.
Nolanahi ere, azpimarratu beharra dago sententzia horren aurka kasazio-errekurtsoa aurkeztu daitekeela, hortaz, helegitea jarriz gero, Auzitegi Gorenak argitu beharko du ezbai hau behin betiko.
