Bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina

Auzitegi Gorenaren 2025eko uztailaren 16ko epaiak (3993/2024 errek.) ebatzi du Langileen Estatutuko 56.1. artikuluan jasotako bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina ezin dela handitu kasuan kasuko inguruabarrak kontuan hartzen dituen beste kalte-ordain gehigarri batengatik.

Aipatutako sententzia horrek aztertu du zein den nazioarteko arauketaren (Lanaren Nazioarteko Erakundearen 158. Hitzarmeneko 10. artikulua eta Europako Gutun Sozialeko 24. artikulua) eragina Langileen Estatutuan ezarritako bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordainaren gain.

Arestian adierazi den moduan, Auzitegi Gorenak ondorioztatu du bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina ezin dela gainditu Espainiako legegileak ezarritakotik harago; alegia, 33 soldata-egun zerbitzu-urte bakoitzeko.

Auzitegiaren arabera, kalte-ordain horrek segurtasun juridikoa eta uniformetasuna eskaintzen die lanpostua galdu duten langileei; langile guztiak baldintza berberetan ordainduak dira, jasandako kalte-galerak egiaztatu beharrik gabe.

Nazioarteko arauketak “kalte-ordain egokia” eta “ordainketa aproposa” aipatzen dituen arren, Auzitegi Gorenak argudiatu du arau horiek aditzera ematen dutela estatuetako legediek zehaztu behar dutela zer den kalte-ordain egokia; gure kasuan, esan den bezala, zerbitzuan emandako urte bakoitzeko 33 eguneko soldataren baliokidea, izaera konpontzailea eta kalteen ordaina ordezteko funtzioa duena.

Kaleratzeak