Mugikortasun urriko pertsonentzako aparkaleku-plazaren erreserba lantokitik hurbilen dagoen lekuan
Udalen betebeharra al da desgaitasuna eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzako aparkaleku bat beren lantokitik hurbilen dagoen lekuan gordetzea, edo etxetik hurbilen dagoen lekuan bakarrik gorde behar al da?
Auzitegi Gorenak gai hori argitu du duela gutxi, 2025-06-04an, errekurtsogileari bere lantokitik hurbilen dagoen lekuan aparkatzeko plaza bat erreserbatzeko eskubidea aitortzen dion epaian.
Desgaitasuna eta mugikortasun murriztua dituen emakume batek lan egiten zuen udalerriko (Irun) udalari eskatu zion bere lantokitik hurbilen zegoen lekuan aparkaleku izendun bat gordetzeko, nahiz eta udalerri mugakidean (Hondarribia) bizi.
Partikularrak administrazioarekiko auzien epaitegira jo zuen, eta hark ezespena berretsi zuen, errekurtsogileak ez zuelako betetzen Irungo Udal Ordenantzak eskatzen duen benetako bizilekuaren baldintza, Hondarribian erroldatuta zegoelako, nahiz eta Irunen lan egin.
Emakumeak apelazio-errekurtsoa aurkeztu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, eta horrek berretsi egin zuen instantzia-epaia, plaza-erreserba emateko udalerrian benetan bizitzeko eskakizunari eutsiz.
Auzitegi Gorenak emakumearen errekurtsoa baietsi du arrazoi hauengatik:
- Estatuko araudiaren helburua da lurralde nazional osoan berdintasuna bermatzea aparkatzeko txartela erabiltzeko, desgaitasuna eta mugikortasun murriztua duten pertsonei oztopoak eta trabak kenduz, bai bizilekura sartzean, bai lantokira sartzean. Kasu honetan, Irungo Udal Ordenantzak ezarritako udalerrian benetan bizitzearen eskakizuna ez dago estalita Estatuko eta autonomia-erkidegoko araudian; izan ere, araudi horrek espresuki jasotzen du lanpostutik hurbil dagoen leku batean, bizilekuaz gain, plaza erreserbatzea eskatzeko aukera (1056/2014 Errege Dekretua, 7.1.a art.).
- Bizilekuan oinarritutako tratu-desberdintasuna justifikaziorik gabeko diskriminazioa dela jotzen da, oinarrizko araudiak lantokian plaza erreserbatzeko aukera ematen duenean.
- Aitortzen da aparkaleku-plaza erreserbaturik ez egotea arriskutsua izan daitekeela desgaitasuna duen pertsonaren osotasun fisikorako, batez ere endekapenezko gaixotasunen kasuan.
