Entitateen IFZaren txartel elektroniko berria Gipuzkoako erakundeentzat
Orain arte, Gipuzkoako erakunde guztiek IFZ fisiko bat zuten, enpresaren identifikazio fiskaleko zenbakia, izena eta helbide soziala jasotzen zituena. Txartel hori 036 ereduaren bidez eskatzen zen, eta Ogasunaren bulegoetara joan behar zen izapide hori egiteko.
Uztailaren 13ko 309/2023 Foru Agindua argitaratuta, aurrerantzean egoitza fiskala Gipuzkoan duten entitateek IFZ txartela elektronikoki eskatu ahal izango dute (036 eredua Zergabidea plataformaren bidez aurkeztuz), eta PDF formatuan eskuratuko dute IFZ txartela, EKS bat izango duena, haren benetakotasuna egiaztatzeko.
Beraz, erakunde baten IFZ txartela bide elektronikoz eskatzeko aukera berri honek Ogasunaren bulegoetara joatea saihestuko du, eta erakundeari aukera emango dio bere IFZ txartela PDF formatuan izateko.
Paperezko formatuko IFZ txartelak baliozkoa izaten jarraituko du ondorio guztietarako, eta nahi dutenek IFZ txartela aurrez aurre eskatzen jarraitzeko aukera izango dute.
309/2023 Foru Agindua, uztailaren 13koa, zeinaren bidez aldatzen baita 679/2014 Foru Agindua, aben – dua ren 23koa, enpresaburuek, profesionalek eta beste zergapeko batzuek zerga ondorioetarako aurkeztu behar duten zentsu aitorpenaren 036 eredua onetsi eta identifikazio fiskaleko zenbakiaren txartela ezartzen duena.