Uztailaren 3a, Kooperatiben Nazioarteko Eguna
“Elkarrekin hobeto berreraiki” goiburupean, milioika kooperatibistak jarraitzen dute erakusten inork ez diola zertan bakarrik aurre egin krisiari.”
Datorren uztailaren 3an Kooperatiben Nazioarteko Eguna (#CoopsDay) ospatuko da, honako goiburu honekin: “Elkarrekin hobeto berreraiki”. Mundu zabaleko kooperatibek agerian jarriko dute nola egiten ari zaizkion aurre COVID-19ak eragindako pandemiari, elkartasunaren eta erresilientziaren bidez eta komunitateei pertsonak ardatz dituen eta ingurumena babesten duen susperraldia eskainiz.
Bruno Roelants-ek, Nazioarteko kooperatiba Aliantzako (NKAko) zuzendari nagusiak adierazitakoa “Azken urtean ikusi dugunez, pertsonen ongizatea eta planetarekiko errespetua izan dira eredu kooperatiboaren lehentasun nagusiak; lehentasun horiek indartu egiten dituzte kooperatibismoaren euskarriak; elkarrekin hobeto berreraiki dezakegu, eta ziur nago pandemiaren osteko munduan ikusi ahal izango dugula nola mugimendu kooperatiboak laguntzen dien komunitateei indartsuagoak izaten”.
Kooperatibek askotariko arloetan dihardute gaur egun; horien artean ditugu osasuna, nekazaritza, produkzioa, txikizkako merkataritza, finantzak, etxebizitza, enplegua, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak eta beste asko. Horietan guztietan, mila milioi kooperatibistak baino gehiagok jarraitzen dute erakusten inork ez diola zertan bakarrik aurre egin egungo pandemiak eragindako krisiari.
#CoopsDay egun ezin hobea izango da pertsonak ardatz dituen kooperatiben enpresa-eredua erakusteko, beraz. Izan ere, eredu horrek aukera ematen du desberdintasunak murrizteko, guztiontzako aberastasuna sortzeko eta COVID-19ak eragindako hondamendiari erantzuteko, oinarrian dituen balio kooperatiboei —autolaguntza eta elkartasuna eta balio etikoei erantzukizun soziala eta komunitate-sentimendua esker.
Euskadiko Kooperatiben konfederazioa