Irudia eta webgunea berritu ditugu
Badira dagoeneko hilabete batzuk gure kooperatibaren irudi korporatiboa eta webgunea berritu ditugula. Ikusiko zenuten agian han eta hemen irudi berritua eta mezu honekin eman nahi dizkizuegu xehetasun gehiago.
Aldaketa hausnarketa- eta bilakaera-prozesu baten emaitza dira, eta, horri esker, enpresa gisa dugun nortasuna eta balioak berretsi ahal izan ditugu.
Irudi korporatibo berria
Gure irudi korporatibo berria printzipio hauetan oinarritzen da:
Identitatea: gure nortasuna marka honen enborra da. Naturaren elementuak bezala, gure kooperatibak lotura estua du lurrarekin. Aretxabaletan sortutako sustraiak pixkanaka errotzen joan dira gure ingurune zabalean, eta harro gaude bertakoak izateaz, euskaraz lan egiteaz eta kolore berdearekin islatzen dugun nortasunaz.
Esperientzia eta konfiantza: Kapaz kapa, eratzen ari gara urte luzeetako esperientziaren, jakintzaren eta konfiantzaren enborra.
Kalitatea: zuretik ezpala bezala, enbor sendo horretatik kalitatezko zerbitzu profesionalak eskaintzen ditugu, identitate bisual berri hau ukigarri egiten duen hurbiltasun, lasaitasun eta gardentasunetik.
Modernitatea: irudi fresko eta gaurkotua transmititu nahi dugu, berrikuntzarekin dugun konpromisoa islatuko duena.
Webgune berria
Gure webgune berria erabiltzaile esperientzia intuitiboagoa eta erakargarriagoa emateko diseinatu dugu. Gailu mugikorretarako optimizatuta dago eta edozein pantailatara egokitzen den diseinua du.
Webgune berriak nabigazioa eta informazio bilaketa errazten duten hobekuntza batzuk ere baditu. Adibidez, orain errazagoa da gure zerbitzuak aurkitzea, eta albisteen atal bat ere badugu, etengabe eguneratzen dena.
Bezeroentzako gune berria
Kanpora begirako webgunea berritzearekin batera, bezeroekin partekatzen dugun gunea ere berritu dugu. Hala, Zenbaki eta bezeroen arteko komunikazioa hobetu nahi dugu gune berritu honekin eta, era berean, harreman hori seguruagoa izango da. Izan ere, dokumentuak zein informazioa modu erraz eta seguruagoan partekatu ahal izango ditugu.
Eskertzen dizugu zure konfiantza
Aldaketa horiekin gure bezero eta kolaboratzaileen esperientzia hobetzea espero dugu. Mila esker erakutsi diguzuen konfiantzagatik eta elkarrekin lanean jarraitzea espero dugu.
Zer iruditzen zaizkizu gure irudi korporatibo eta webgune berria?